Errenteriako ibaietara botatako tona bat hondakin jaso eta garbitu dira 2022an

Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanari esker, uztailean eta irailean bost eguneko garbiketa kanpaina bana egin du brigada batek Oiartzun ibaiaren ibilguan eta bere erreketako bazterretan. Ibaietatik 900 kilo hondakin inguru bildu dira, horietatik nagusiki plastikoa azalduz. 2016an abiaturiko udal-ekimen honen bidez, jarraipena ematen zaio ekimen honekin.

Oiartzun Ibaiari dagokionean, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena Lartzabalgo auzotik hasita Oiartzungo mugaraino hartzen duen zatia barne, Fanderiako kanala ahaztu gabe.

Era berean, Tolarieta, Masti eta Epentza ibilguak ere garbitu dira landa eremuan. Honakoak dira garbitutako zatiak: Tolarieta baserritik Masti-Loidi industrialdea bitarte; Loidi baserritik Pontika auzora; eta Perurenatik Txikierdira. Ibaien ezpondak edo ertzak garbitzeaz gain, inguru hauetako espaloi eta erreka ondoko eremuak ere garbitu dira.

Garbiketa kanpaina publiko honek hiritarrak hondakinen kudeaketak daukan garrantziaz eta geure jokaeraren ardura kolektibo nahiz indibidualaz sentsibilizatzea du helburu. Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez baditugu, geure ibaietan agertuko dira, hauek kaltetuz eta kutsatuz, eta, azkenik, hondakinak Kantauri itsasoraino ere iristen jarraituko dute.

Hondakin horiek desegiten diren neurrian, ekosistemetarako eta flora zein fauna basatietarako kaltegarriak diren konposatu kimikoak askatzen dituzte, osasunean eta ibilguetan eta ur-sistemen hondoetan eragiten duten kutsadura-fokuak sortuz. Plastikoaren kasuan, ornogabeek, hegaztiek nahiz arrainek hartan biltzeko edota horiek irensteko aukera dute, fauna desagerrarazteko arriskugarri izanik.