Datorren astean izango da I. Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdia

 

Datorren astean izango da I. ERRENTERIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMA DOKUMENTALAREN JAIALDIA, azaroaren 21etik 26ra bitartean.

Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Giza Eskubideen Sailak sustatuta eta Ozzinemak antolatuta, ERRENTERIAKO ZINEMA DOKUMENTALAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN JAIALDIA bilakaera naturala da udalerrian zinemaren alde egiten den apustuari dagokionez.

Zinemaldiak, bere proiekzio eta jardueren bidez, gizarteko kolektibo guztientzat elementu eraikitzaile eta didaktikoa izan nahi du, iritzia eraikitzeko, balioak oinarritzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko gunea izateko. Jaialdiaren programazioan film laburrak, metraje ertainak eta film luzeak daude, gehienetan Euskal Herriko aretoetan erabateko estreinaldiak direnak. Epaimahai profesionalaren kideak webgunean argitaratuta daude, eta parte hartzen duten film laburren eta metraje ertainekoen artean banatuko ditu sariak. Ikusleek publikoaren saria emateko aukera izango dute, bai film luzeentzat, bai film labur eta ertainentzat.

Proiektatuko diren filmen artean Suedia, Txile, Belgika, Argentina eta Espainiako ekoizpenak daude, gai ezberdinekin, hala nola sexualitatea, gatazka armatuak, feminismoa, ekonomia eta haurtzaroa.

Programaziotik, Anna Giralt zuzendariak ROBIN BANK inaugurazio-filmarekin parte hartu izana nabarmendu daiteke; Amaia Remirez eta Raúl de la Fuente (ANOTHER DAY OF LIFE filmaren sortzaileak) MALDITA. A LOVE SONG TO SARAJEVO metraje ertainarekin parte hartu dute; Dora Garcia espainiarrak zuzendutako ekoizpen belgikarra SI PUDIERA DESEAR ALGO, eta Ander Iriartek zuzendutako KARPETA URDINAK amaierako proiekzioa, Donostiako azken Zinemaldian estreinatu dena.

ERRENTERIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMA DOKUMENTALAREN JAIALDIAren informazio guztia www.ggeefilm.com webgunean dago eskuragarri.
Saioak Niessen Zinemetan izango dira, 19:30ean, eta sarrera doakoa da. Gonbidapenak dagoeneko eskuragarri daude sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan.

Zinemaldiaren sari banaketa abenduaren 10ean izango da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.