Beraun kalea berrurbanizatzeko obrei ekiteko aurretiazko lanak hasi dira

Aste honetan hasi dira Beraun kaleko 5. zenbakian saneamendua hobetzeko lanak, kale osoan egingo den esku-hartzearen aurreko urratsa da hori.

Txakur-parkea birkokatzea

Jarraian, eta Beraun kalea berrantolatzeko proiektuaren baitan ere, txakur-parkea birkokatuko da, esparru horrek orain okupatzen duen berdegunearen zati bat libre utziz eta bizilagunen ekarpenei erantzunez.

Aparkaleku publiko berria, hasiera batean 65 plazakoa

Aldi berean, Beraungo frontoiaren ondoko aparkaleku berrien lizitazio-prozesua jarriko da abian, kalea berrurbanizatzeko lehen fasean kokatuta.

Gutxienez 65 aparkaleku horiek sortzeak, plaza berriak egiteko lanak berehala hasi ahal izatea ekarriko du. Espazio horiek Beraun kalean egoteko eta gozatzeko aukera zabalduko dute, eta hiri-kalitatea hobetuko dute, lorategiak eta jolas-guneak txertatuta.

Aparkaleku horiek egiteko aurrekontua 180.000 eurokoa da, eta obren iraupena 10 astekoa izango da. Hau lehen urratsa da, eta etorkizunean aparkaleku gehiago izan daitezke.

Aparkaleku horien kopurua handitu ahal izango da, eta gehitzen zaizkio Beraun kalearen beheko aldean, Pontikaren mailan, eraikiko den gutxi gorabehera 180 plazako aparkaleku-eraikinari.

Beraun kalearen berrantolamendua

Mugikortasunaren ikuspegitik, Beraun kalea arteria garrantzitsuenetako bat da, jasaten duen zirkulazioari dagokionez.

Hori dela eta, Beraun kalearen berrantolamendiaren bidez, alde batetik, oinezkoentzako segurtasun handiagoa bermatu nahi da, eta, aldi berean, irisgarritasuna hobetzen da. Oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gain, proposamenak bidegorriaren sarea zabaltzea ere jasotzen du.

Bestalde, berdeguneak irisgarriagoak izango dira, eta horien gozamena erraztuko da, etxebizitza-parkearekin lotuago dagoen bide- eta sarbide-sare berri bati esker, eta txakur-parkea autopista azpiko magalean birkokatuz.

Gainera, pertsonentzako egonaldi- eta gozamen-espazioa irabaziko da, 5. eta 15. zenbakien artean bi plaza berri eraikita, eta, aldi berean, hiri-kalitatea hobetuko da, lorategiak eta jolas-guneak txertatuta.

Azpimarratu behar da, halaber, proiektu honetan hainbat eragilek eta talde politikok egindako ekarpenak jaso direla.

Proiektua hiru fasetan gauzatuko da

Proiektua hiru fasetan gauzatzea planteatzen da, eta guztiak datorren urtean zehar gauzatzea da asmoa. Horretarako, lehenengo biak 2023ko lehen sei hilabeteetan lizitatzea espero du Udalak:

Lehenengo fasean, Beraungo frontoiaren ondoan lur gaineko aparkaleku publiko berria eraikitzeari ekingo zaio. Aparkaleku hori handitu ahal izango da.

Bigarrenean, plaza berriak eraikiko dira Beraun kaleko 5. eta 15. zenbakien artean.

Hirugarren fasean, irisgarritasuna hobetzearekin lotutako gaiak jorratuko dira, espaloiei jarraitutasuna emanez eta horiek zabalduz, bai eta berdeguneetarako bideen eta sarbideen sarea ere.

Proiektua gauzatzeko aurrekontua 1.500.000 eurokoa da.