Elixabete Jone Olaciregui Echevarriak 100 urte bete ditu

Elixabete Jone Olaciregui Echevarriak 100 urte bete ditu. Florencio Olaciregui errenteriarraren eta Jesusa Echevarria gasteiztarraren alaba, jaiotzez gasteiztarra da, ama bertakoa zelako, baina Kapitanenea kalean bizitakoa ezkondu arte. Anai-arrebetatik, Polen eta Miren, zaharrena. Senideek diotenez, “berak beti kontatzen du, martxoan jaio zenez, Primo de Riveraren diktadura hasi aurretik, erregistroan izena euskaraz jartzen utzi ziotela aitari, euskaltzale amorratua eta Eusko Alderdi Jeltzaleko alderdikide zena”. Bitxikeria moduan, Marcial Olaciregui, Errenteriako alkate izandakoaren biloba ere bada.

Farmazia ikasketak egitera joan zen lehenik Madrilera, eta Santiago de Compostelako unibertsitatean lizentziatu zen. 50ko hamarkadatik aurrera, Olaciregui botikaren titularra izan zen, 1994ean erretiroa hartu zuen arte.

Herrian, “Eli botikakoa” bezala ezagutzen zutela dio eta oroitzapen oso onak ditu, lanean emandako urteetakoak. Asko gustatzen zitzaion botikako lana eta bertan sortutako harremanak.

1953an Jose Antonio Muruarekin ezkondu zen, eta hiru seme izan zituzten: Javier, Alfonso eta Jose Antonio. Biloba bakarra du, bere izen bera duena, Elixabete Murua.

Zaletasunei dagokionez, beti izan du irakurtzea oso gustuko, bistak huts egin arte egunero irakurtzen zuen. Beti gustatu izan zaio egunean egotea, aktualitatea ezagutzea. Eta honekin batera, beti izan du politikarako atxikipena, aitaren moduan bere ibilbide politikoa ere izan zuen, agian aitonarengandik datorkio grina. Badirudi politikarako grina belaunaldiz belaunaldi pasa dela, bere biloba Elixabeterengana iritsi arte.

Zorionak!