Herriko gazteak hasi dira ‘Errenterian 11 kolore’ ekimenerako euren parte-hartzea prestatzen

‘Errenterian 11 kolore’ jaialdia, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan ospatuko da, maiatzaren 21eko astean. VIII. edizio honetarako egitarau aberatsa eta koloretsua antolatu dute, maiatzaren 15etik 21era bitarte. Hori dela eta, hasi dira jada apaingarriak sortzen herriko 6 ikastetxeetan (Orereta ikastola, Cristobal Gamon, Telleri Alde, Koldo Mitxelena, Bizarain eta Egiluze) eta bi gaztelekuetan.

Beraungo eta Gabierrotako gaztelekuetan elkartutako gazteek joan den apirilaren 17ko astean sortu zituzten eskulanak, DBHko ikasleak, berriz, orain ari dira horretan, alegia, euskal eguzki-lorea, faroltxo arabiarrak eta txinatarrak, nahiz Mexikoko alebrijeak sortzeko lanetan.

Hori guztia, Itziar Bandres bertako artistak egindako unitate didaktiko batzuen bidez, eta, kasu batzuetan, bere dinamizazioarekin. Helburua da herriko dendetako erakusleihoak apaintzea aniztasunaren astean zehar. Hortaz, Errenkoalde merkatarien elkartearen parte-hartzea funtsezkoa da ekintza honetan.

Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasleak girlandatxoak osatzeko orriak margotzen ari dira euren zentroetan, denera 2000 ikasle inguru. Azken hauek sorturiko materialak ‘11 zapore’ ekimenean parte hartuko duten tabernetan eta jatetxeetan jarriko dira ikusgai.