Jatorri anitzeko emakumeen bi topaketa izango dira ekainean

Herriko Emanbira elkarteak jatorri anitzeko emakumeak elkartzea helburu izango duten tailer bi antolatu ditu, ‘Emagune’ izenburupean, ekainaren 12an (astelehena) eta 22an (osteguna), Reina aretoan.

Ekainaren 12an goizez izango da saioa, 11:00etatik 12:30era bitarte, eta, aldiz, ekainaren 22ko saioa arratsaldez egingo da, 17:00etatik 18:30era. Gainera, saioek haurren zaintza eskainiko dute.

Bi tailerren helburuak hauexek izango dira: ahalduntze pertsonala, sare solidarioak eraikitzea, eta esperientziak eta errealitate pertsonalak partekatzea; ongizate fisiko eta emozionala garatzea izango da xedea, bereziki, eta, betiere gorputza ardatz hartuta, dantza eta mugimendua landuko da.

Bi dinamizatzaile izango ditu taldeak. Batetik, Ana Murcia Guevara, Sorburu kooperatibako kidea, jatorri ezberdineko emakumeen berdintasun espazioetan prestatzailea eta dinamizatzailea da. Bestetik, Olatz Amalur de los Santos, gizarte hezitzailea, emagina eta dantzaria da. Emanbira kultur elkarteko lehendakaria ere bada, eta hori dela eta, bestelako kultur aniztasunaren inguruko ekintzak sustatu izan ditu herrian.

Ekintza Errenteriako Udalak lagundu du dirulaguntza lerro baten bidez, hain justu, herrian sentsibilizazio ekintzak gauzatzeko kultur aniztasunaren ikuspegitik. Izen-ematea jada zabalik dago emanbira@gmail.com helbide elektronikoaren bidez, edota 616 058 791 telefonora deituta.