Errenteriako Udalak 8.000 euroko laguntza eman dio Zaporeak proiektuari errefuxiatu-esparruetan otorduak ematen jarrai dezan

Errenteriako Udalak 8.000 euroko dirulaguntza eman dio Zaporeak proiektuari errefuxiatu-esparruetan otorduak ematen jarrai dezan. Hain zuzen ere, aurtengo maiatzaren 3an, dituzten sutegien mugara iritsi ziren: eguneko 2.031 errazio prestatu zituzten, azken 7 urteetako kopururik handiena.

Azken urteotan, Greziako uharteetako egoerak okerrera baino ez du egin. Milaka pertsona saiatzen ari dira uharteetara iristen, Europan sartzeko; han, ordea, mendebaldeak ezarritako muga aurkitzen dute.

Bi hilabetetan Lesboseko egoera erabat aldatu da. Aste gutxitan, Zaporeak elkarteak ematen dituen errazioak 2.031ra igo dira –lehen 1.800 izaten ziren–, esparruan bizi direnak 2.800 izatera iritsi baitira.

Zaporeak proiektuak bertan duen sukaldeak gehienez 2.000 errazio prestatzeko ahalmena baino ez du. Hori dela-eta, jende asko banaketatik kanpo geratuko da. Horregatik, aukera berriak aztertzen ari da elkartea, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko. Besteak beste, sukaldearen azpiegitura aldatu beharko dute, Greziara bidaltzen dituzten elikagaien kopurua handitu, eta ekitaldi gehiago antolatu, gastuak ordaindu ahal izateko iturri desberdinak aurkitze aldera.