Euskararen paparazziek badute saria

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolaturiko Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren bosgarren edizioko irabazleak jakinarazi ditu epaimahaiak.

Bosgarren edizio honetara aurkeztu diren 18 argazkien artean, Errenteriako Biteri kaleko Blume loradendari Nerea Gonzálezek eta Dani Novasek ateratakoa gertatu da irabazle. Epaimahaiak argazkiaren ezaugarri teknikoak nabarmendu ditu, sartzeko gonbita iradokitzea lortu dutela, eta berez egiten zaila den argazkia txukun egitea lortu dutela azpimarratu du. Bigarren saritua, berriz, Aintzane Aginagaldek Oiartzungo Nerea Urkola optiko dendari ateratakoa izan da. Bere sinpletasunean, txukuna delako eta euskarazko errotulazioa nabarmentzen duelako hitz joko polit baten bidez.

“Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da Euskararen Paparazziak. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak.

Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak izaten dira baloragarri.

Irabazleak 2023ko ekainaren 19tik uztailaren 31ra bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 400 euroko ordainsaria eskuratu du, eta 200 eurokoa bigarren saridunak.