Madalenen aurreko kontzertua eskainiko du Landarbaso abesbatzak igandean

Landarbaso Abesbatzak Madalenen aurreko kontzertua eskainiko du igandean, uztailaren 16an, 20:00etan Maria Magdalenaren basilikan.

Abesbatzak 33 urte daramatza Madalenen aurretik kontzertu hau antolatzen, eta Maria Magdalenaren Lagunak taldearekin elkarlanean egin du sortu zenetik. Aurten 10 urte beteko ditu elkarteak.

Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, kontzertuak oso harrera ona izan ohi du eta abesbatzako abeslariek oso gustuko duten hitzordua da, publikoa gertu dagoelako eta “hau etxeko kontzertua delako”. Bestalde, uztailaren 25ean Landarbasok, lehen aldiz Europako abesbatza batentzat, Asiako Gran Prix lehiaketaren finalean parte hartuko duela gaineratu du. Hori funtsezkoa izango da igandeko kontzertuan, bertan Gran Prixean abestuko dituzten bederatzi obra interpretatuko baitituzte.

Igandeko kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, tokiak bete arte.