Prezio herrikoiak izango dituzte barrakek Madalenetan

Errenteriako Udalak eta Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoak, aurten ere, hitzarmena sinatu dute Fanderiako feria eremuko baldintzak adosteko; tartean, atrakzio eta barrakei prezio herrikoiagoak jartzeko.

Hau horrela, haurren bidaiek 2,20 euroko prezioa izango dute eta helduenek 2,80 eurokoa.

Gainera, barrakek bi egunez prezio bereziak izango dituzte: uztailaren 23an 11:00etatik 14:00etara eta uztailaren 26an egun osoan, bidaia 1,30 euroan erosi ahalko da.

Hitzarmenak bestelako gai teknikoak, ingurugiroari dagozkionak, genero ikuspegiaren ingurukoak edo soinuen kontrola ere lantzen ditu.

Gune inklusiboa

Barraka gunea ahalik eta esparrurik inklusiboena izan dadin, aurten, lehenengo aldiz, ordutegi bat ezarri dugu zaratarik gabeko tarteak izan daitezen, autismoa zein entzumen-hipersentikortasuna dutenek ere barraketan gozatu dezaten. Hala, uztailaren 23an eta 26an (17:00etatik 19:00etara) barrakek musikarik eta bestelako soinu altu eta sarkorrik gabe funtzionatuko dute.

Ludoteka eta dutxa zerbitzuak

Ferialarien eta salmenta ibiltaria egiten dutenen 4 urtetik gorako seme-alabentzako, halaber, ludoteka zerbitzua eskainiko du Udalak. Markola ludotekan izango da, uztailaren 22tik 25era, 17:00etatik 20:00etara.

Bestalde, dutxa zerbitzua ere izango da eurentzat, 8:00etatik 11:00etara, Galtzarabordako kiroldegian, uztailaren 20tik 25era, uztailaren 22an salbu. Egun horretan kiroldegia itxita egongo denez, Niessen Kulturgunean izango da horretarako aukera.

Euskararen sustapena

Madalenetan euskararen presentzia indartzeko, gainera, ferialari eta salmenta ibiltaria egiten duten pertsonei, aurten ere, hiztegitxoak banatuko zaizkie. Harremanetarako euskarazko oinarrizko hitzak ezagutaraztea da ekimen honen helburua.