Aurreiritziei aurre egitea eta antigitanismoa borrokatzea, ‘Estereotipoak hautsiz’ ekimenaren helburu

Kamelamos Adikerar elkarteak ‘Estereotipoak hautsiz’ egitasmoa aurkeztu du, aurreiritziei aurre egin nahi dien ekimen berritzailea, gure gizartean antigitanismoa borrokatzeko sortua.

Errenterian egingo da ekimena, uztailaren 26tik 30era, eta hainbat pertsona eta erakunderen laguntza izango du, hala nola Errenteriako Udala, Babalab, SOS Arrazakeria, Noski liburu-denda, Muga taberna, Mikelazulo, Xenpelar kultur denda eta Sara Holgado eta Oscar García artistak.

‘Estereotipoak hautsiz’ egitasmoaren helburu nagusia da ijitoen komunitatearen aurkako diskriminazioaren inguruko kontzientzia sortzea eta luzaroan iraun duten estereotipo negatiboak desagerraraztea.

Horretarako, zazpi panel diseinatu dira, nabarmentzeko moduko ijito garrantzitsuen istorioak aurkezteko. Panel bakoitzak QR kode bat izango du, eta horrek aukera emango die bisitariei pertsonaia bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko; hartara, pertsonaia hori sakonago ulertu eta hobeto ezagutzea ahalbidetuko da.

Zazpi panelak uztailaren 27ko goizetik 29ko arratsaldera arte egongo dira jarrita, eta programatutako hitzaldien ordutegietatik kanpo ere bisitatu ahal izango dira.

Programazioa

Egitasmo honen baitan, hainbat jarduera antolatu dira, ijito-komunitatearen ekarpen esanguratsuak nabarmentzeko.

Zazpi panelen aurkezpena Lekuona Fabrikan egingo da, 26an, 10:30ean, eta hortxe hasiko da ekitaldi paregabe hau.

Gainera, Sara Holgado eta Oscar García artistek ere parte hartuko dute, eta ‘Cantes para Helios’ ikuskizun flamenkoa eskainiko dute Badalaben, hilaren 27an, 17:00etan.

Egun berean, Papuzsari eta haren historiari buruzko olerkiak errezitatuko dira Noski liburu-dendan, 19:00etan.

Gainerako egunetan, zenbait pertsona enblematikori buruzko aurkezpenak egingo dira, hala nola Katarina Taikoni buruzkoa Lekuona Fabrikan, hilaren 28an, 10:00etan, eta Rukeliri buruzkoa Muga tabernan, 18:00etan.

Hilaren 29an, berriz, Raymond Gurême izango da hizpide, Mikelazulon, 10:00etan, eta Melanie Spitta, Niessenen, 17:00etan.

Ekitaldi aparta hau amaitzeko, hilaren 30ean kartel guztiak elkartuko dira Zumardian, eta, hantxe, Sofía Kovalévskayaren historiaren berri emango da, 17:00etan. Egun horretan, gainera, ‘Ijitoen sarekada handia’ gogoratuko da, 1749ko uztailaren 30ean ijitoak sarraskitzeko egindako saiakera.