Txupinazoa zuzenean emango da Herri Bizian

Bihar, uztailaren 21ean, Madalenei hasiera emango dien txupinazoa zuzenean emango da Herri Bizia webgunean.

18:30etatik aurrera http://herribizia.errenteria.eus estekan Herriko Plazan gertatzen ari dena zuzenean ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, guztiok txupinazoa bizitzeko helburuz, Mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta Zumardiko pantaila erraldoia ere izango dira.

Ohikoa denez, Madalenetako omenduek botako dute udaletxeko balkoitik txupinazoa 19:00etan; aurten, Gurutze Gorria eta Juneren Hegoak elkarteek izango dute ohorea.

Mila koloretako txupinazo txikia

Txupinazo txikiaren aurretik, haur eta familiei dei egin nahi zaie 17:15ean Zumarditik abiatuta Batuburrunbarekin bat egin eta etxetik ekarritako musika instrumentuekin Mila koloretako txupinazo txikira joateko. Edonork har dezake parte euren perkusiozko instrumentuak sortuz hemen azaltzen diren ideiak erabiliz nahi izanez gero. Halaber, txupinazorako haurrek sortutako pegatinak ere banatuko dituzte.

18:00etan Haurren Pregoia izango da eta ondoren atzera kontaketa egin eta denek batera Mila koloretako txupinazo txikia sortuko dute. Jarraian, hemen entzungai dagoen haurren jaietako “Irria Harro” abestia kantatuko dute.