Share nazioarteko dantza proiektua eta Dantza Hirian jaialdia Errenterian

Dantzaz beteriko egunak datoz Errenteriara: nazioarteko Share proiektutik sortutako ‘My Dearest Rituals’ ikuskizunaren estreinaldia izango da Lekuona Fabrikan, ostegunean, eta Dantza Hirian jaialdiko hiru pieza ikusteko aukera larunbatean. Hala azaldu dute gaur prentsa aurrean Aizpea Otaegi alkateak, Natasa Zavolovsek Share proiektuko buru eta produktore exekutiboak eta Myriam Arkaia Dantza Hirianeko zuzendari eta sortzaileak.

Nazioarteko proiektua da Share, proiektu soziokultural inklusibo eta berritzailea, esperientzia eta praktika egokien adibideetan oinarritua. 2020n abiatu zen eta ordutik, Europako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko hainbat artistei esperientzia profesionala eta prestakuntza eskaintzeaz gain, euren kulturak batzea du helburu ekimenak (2024an amaituko da). Hainbat ildo abiatu ditu proiektuak eta Errenteriako Udala dantzari dagokionaren parte da Eslovenia, Frantzia, Kroazia, Kamerun, Burkina Faso, Senegal eta Ghanako erakundeekin batera.

Herrialde hauetatik etorritako dantzari eta teknikariak Errenterian daude egunotan, Sophie Bulbulyan koreografo frantziarraren zuzendaritzapean sortzen ari diren ‘My Dearest Rituals’ ikuskizunaren azken egonaldi artistikoan murgilduta. Hirugarren topaketa dute oraingoa, izan ere, aurretik, Accrako Ghana Antzoki Nazionalean eta Zagrebeko Zagreb Dance Center-ean egin baitituzte sorkuntza lanak. Egindako lanaren emaitza, Lekuona Fabrikan emango dute, lehendabizikoz, ostegunean, hilak 21, arratsaldeko 19:00etan. Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean eta baita Lekuona Fabrikan ere.

Ikuskizunaren kaleko bertsioaren estreinaldia, berriz, Dantza Hirian jaialdiaren markoan egingo dute, larunbatean, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian, 20:15ean.

Aspaldikoa da Errenteria eta Dantza Hirian jaialdiaren arteko lankidetza baina aurten joan-etorrikoa bilakatuko da. Izan ere, Hendaian programatuko denaz gain, mugaz haraindiko dantza-jaialdiaren eszenatoki ere izango baitira herriko hainbat plaza. Hala, ostiralean, hilaren 22an, 3 pieza eskainiko dituzte:

  • ‘Cordoba Drone’ obra Daniel Hernández dantzariaren eskutik, arratsaldeko 19:00etan, Herriko plazan (euria egingo balu Koldo Mitxelena plazan).
  • ‘Doppel-Leo’ Olatz de Andrés dantzariak eskainita, 19:20ean, Herriko plazan (euria egingo balu Koldo Mitxelena plazan).
  • ‘Vibra’ Arnau Perez eta Jeronimo Ruizen eskutik, 19:45ean, Xabier Olaskoaga plazan (euria egingo balu Koldo Mitxelena plazan).

Share proiektua iruditan

Bestalde, gaur, hilak 20, arratsaldeko 18:30ean, Share proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko bideo proiekzioak ikusiko dira Lekuona Fabrikako plaza berdean (1. solairuan). Aurkeztuko dituzten bideoak ‘Cameroon’, ‘Burkina-Faso’, ‘My Stories’, ‘Many Colors’ eta ‘Art and Tourism’ izango dira.