Cristobal Gamon Ikastetxea eta Bizarain Ikastola, 50/50 proiektuaren sarituen artean, eraginkortasun energetikoari egindako ekarpenarengatik

Aurten ere, 50/50 proiektuak sariak eman dizkie Oarsoaldea eskualdeko bost ikastetxe publikori, energia-eraginkortasuna sustatzeko egindako ahaleginak aintzatetsiz. Karmengo Ama Herri Eskola, Elizalde Herri Eskola, Lezo Herri Eskola, Cristobal Gamon Ikastetxea eta Bizarain Ikastola dira sarituak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatutako 50/50 proiektua 2019tik egiten da Oarsoaldeko ikastetxeetan. Hezkuntza-komunitateak energia eta uraren kontsumoari dagokionez ohitura jasangarriak hartzearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu, portaera-aldaketa sustatuz.

Programa honen metodologia kontsumo eta ekonomia adierazleetan, kontsumoen denbora-errealeko monitorizazioan eta hezkuntza-komunitate osoa inplikatzeko pizgarrietan oinarritzen da. Energia aurrezteko pizgarri ekonomikoak bi zatitan banatzen dira:

• Aurrezkiaren % 50 hezkuntza-komunitateari ematen zaio, sari gisa.

• Gainerako % 50a aurrezpen garbia da, eskolako instalazioen eraginkortasuna hobetzera bideratua, horrela aurrezki berriak sortuz.

Ikastetxe horietan egindako ekintzen emaitza ia 35.000 euroko aurrezpena izan da Oarsoaldeko udalentzat, eta horietatik Bizarain Ikastolak 6.071,25 euroko ordainsaria eskuratu du eta Cristobal Gamon Ikastetxeak, 4.483,54 eurokoa.

Hala ere, lorpen ekonomikoez eta CO2 emisioen murrizketaz gain, proiektu honen gauzarik baliotsuena, baliabideak modu arduratsuan erabiltzeko betebeharra lehenbailehen ulertzea eskatzen duen mundu honetan, eskaintzen duen esperientzia pedagogikoa da.

Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakari den Aizpea Otaegi Errenteriako alkatearen hitzetan, “pertsona txikiek pauso txikiak emanez aurrerapen handiak lortzen dituzte. Mundu hobe batekiko duten dedikazioak eta grinak datozen belaunaldientzako irtenbide jasangarrien bilaketan aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu, eta, horrela, etorkizun bidezkoago eta jasangarriago bat lortzen laguntzen du”.