XXI. Ijito kultur asteari eman zaio hasiera gaur

Aurten ere, ijito-komunitatearen eta Errenteriako herriaren artean zubiak eraikitzearen aldeko apustua egin nahi izan dute diskriminazioaren eta antigitanismoaren aurka borrokatuz. Horretarako, adin guztietako biztanleek gozatu ahal izango dituzten jarduera ugari antolatu dira gaurtik hilaren 10a bitarte iraungo duen ijito kultur astearen markoan.

Astea ijitoen kafe klasikoarekin hasiko da gaur goizeko 10:00etan Zumardian, non kafeaz gain, pintxoez eta ardoaz gozatzeko aukera izango den. Halaber, arratsaldeko 20:00etan Montxo Jimenezen esku pilota txapelketa jokatuko da Fanderiako Agustina Otaola frontoian.

Aipatzekoa da, baita ere, egunean zehar Errenteriako Udala ijitoen banderarekin apainduta egongo dela gaur eta gauean udaletxea haren koloreekin argiztatuko dutela.

Asteartean, “Ezagutzen nauzu?”, ijitoen kulturari buruzko kahoota, antolatu dute erdiguneko ludotekan arratsaldeko 18:00etan.

Asteazkenean, gaztelekuekin egingo da “Ezagutzen nauzu?” jarduera arratsaldeko 17:30ean Lekuona Fabrikako plaza berdean (1. solairuan); oraingo honetan, sare sozialak bezalako plataforma digitalak eta gazteek ijitoen kulturaren inguruan duten ikuspuntua izango dira landuko diren gai nagusiak.

Egun berean, jarraipena emango zaio esku pilota txapelketari arratsaldeko 19:00etan Agustina Otaola frontoian.

Aurtengo berritasun gisa, ostegunean arratsaldeko 17:00etan “Gaur gertuago” jarduera egingo da BADALABen (Josepa Antoni Aranberri Anizgunean). Ekintza hau topagune gisa dago pentsatuta, non konfiantza osoz ijitoen kulturari buruzko galderak egingo diren kafe bat hartzen den bitartean.

Horrez gain, antolatutako beste berrikuntzetako bat ostegunean arratsaldeko 19:00etan Niessen zinemetan emango den Papuzsa filmaren proiekzioa izango da, Ozzinema elkarteari esker. Sarrera, sarrerak.errenteria.eus helbidean eskuratu ahal izango da guztiz doan.

Asteari amaiera emateko, esku pilota txapelketaren finala eta sari banaketa izango dira ostiralean Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuan arratsaldeko 20:00etan.