Agustinak, sormen eta kultur industrien poloa, eraikitzeko lanak amaitu dira

Aizpea Otaegi alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak bisita egin dute Agustinak eraikin eraberritura. Sormen eta kultur industrien poloa kokatuko da bertan martxotik aurrera.

Agustinen ikastetxe zaharra zena eraberritu eta sormen zein kultur industrien polo bihurtuko da laister, kulturak Errenteriaren eraldaketan eta garapenean duen estrategikotasuna eta potentziala garatzen jarraitzeko. Obrak behar bezala garatu dira aurreikusitako epean eta dagoeneko altzarien eta bestelako beharren horniketa fasean murgilduta dago proiektua. Horrela, martxorako egitasmoa martxan egotea espero du udalak.

Errenteria 2025 Plan Estrategikoarekin baitan irudikatutako proiektu honek 2,6 milioi euroko inbertsioa izan du orotara. Horretarako, udal baliabideez gain, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren laguntza ere izan du proiektuak. Kultura sailetik milioi bat euroko laguntza bideratu dira eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentizatik 700.000 euro.

Aizpea Otaegi alkateak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak gaur bisitatu dute eraikina. Otaegiren hitzetan, “proiektu estrategikoa da Agustinak”. Alde batetik, “auzoarentzat espazio berri bat ekarriko duelako”, eta bestetik, “kultura, tokiko ekonomiaren motore izan dadin proiektu ekonomiko berriak sortzen laguntzeko funtsezkoa” izango delako.

Orain arte Torrekuan garatu den Habian programari segida emango zaio Agustinak eraikinean. Aldi berean, jauzi kualitatibo garrantzitsua emanez, lanbide sortzaileen eta kultur arloko enpresa-proiektuen inkubategi eta azeleragailu izango baita Agustinak proiektua. Horretarako, kultur arloko enpresa-asmo eta proiektuei akonpaiamendua, aholkularitza eta zerbitzuak emango dizkie eta horien elkargune izango da.

Eraikin publikoa

Eraikinaren izaera eraldatzea eta eraikin publiko bihurtzea ere pauso garrantzitsua da. Horrek esan nahi baitu eraikina kalera eta herritarrengana “irekiko” dela.

Zentzu horretan, garrantzi berezia du lorategiaren tratamenduak; orain arte gune itxi eta pribatu bat izan dena, auzora irekiko baita, aisialdi-gune gisa, eta eraikinean gertatzen denarekin lotutako gune gisa. Era berean, “plaza” bat ere egongo da; hots, eraikinaren erabiltzaileen eta bisitarien arteko bilgune eta topagune bat, non, gainera, ekitaldiak antolatu ahal izango diren, lorategira irekita.