Abenduaren 11n bukatuko da aurtengo Bizi Errenteria bonu kanpaina

Irailaren 4ean abiatu zen Bizi Errenteria bonu kanpaina hurrengo astelehenean amaituko da, abenduaren 11n. Herriko 18 eta 35 urte arteko gazteek herrian erosteko ohitura sustatze aldera, aurtengo kanpainan hamarna bonu jaso dituzte, 10 euroko edo gehiagoko erosketetan 5 euroko hobaria dakartenak. Udalak kanpainara 350.000 euro bideratu ditu, herriaren eta herritarren suspertze ekonomikoa sustatzeko eta gazteen kontsumo ohituretan eragiteko helburuarekin.

150 establezimendu baina gehiagok egin dute bat kanpainarekin, Errenterian tokiko ekonomiak eta merkataritzak duten garrantziaren adierazle. Hain justu, Errenteriako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezian (PERCO) jasota zegoen ekintza hori, eta Errenteriako Udalak gazteen kontsumo-ohiturei buruz egindako azterlanean ere ondorioztatu zen gazteen erosketa ohituretan eragitearen beharra. Era berean, Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Batzordeak neurri interesgarritzat jo zuen ekimena gazteak tokiko merkataritzara erakartzeko.

Gabonetan ere, Bizi Errenteria

Bonu kanpaina amaitzeko egun gutxi falta direla baliatuta eta Gabonak ate joka daudela jakitun, Bizi Errenteria dinamikaren barruan, tokiko ehun ekonomikoa ikustarazteko bideo sorta bat argitaratu du Udalak sare sozialetan. Bideo horien bidez, bertan kontsumitzearen garrantzia eta eragina azpimarratzen da, tokiko ehun ekonomikoaren indarra balioan jarriz.

Tokiko establezimenduetan erosteak bertako ekonomia bultzatzeaz gain, funtsezko zeregina betetzen du komunitate oparoago eta kohesionatuago baten garapenean. Gainera, iraunkortasunaren ikuspegia ere sendotzen du. Tokian-tokian erostea aukeratzean, murriztu egiten da produktuen garraioari lotutako karbono-aztarna, eta ingurumena zaintzen eta komunitate iraunkorrago bat eraikitzen laguntzen da.