Fanderiako igerilekuko estalkia berritzeko obrak aurrera doaz

Errenteriako Fanderiako igerilekuko estalkia berritzeko lanak esleipenean zehaztutako epeen barruan egiten ari dira eta egitura berria muntatuta dago dagoeneko, ezinbesteko urratsa teilatu berria eraiki ahal izateko. Lanek 20 asteko iraupena dute eta 2024ko otsailaren hasieran amaitzea aurreikusten da.

2023ko irailean hasi ziren Fanderiako igerilekuko estalkia berritzeko lanak. Eraberritze honen bidez, igerilekuetarako sarbidea hobetu nahi da udan, eta neguan instalazioak erosoagoak izan daitezen bermatu. Obrarako esleitutako guztizko aurrekontua 588.680 eurokoa izan da; inbertsio garrantzitsua, beraz, udalerriko kirol guneak hobetzen jarraitzeko.

Eraginak gutxitzea

Estalkia berritzeko lanetan sortutako eraginak kontuan hartuta, Udalak hainbat neurri hartu ditu horiek gutxitzeko. Besteak beste, igeriketa-ikastaroak Galtzarabordako igerilekuetara eramatea, igerilekua berriz ireki eta Fanderiako ikastaroak berrabiarazi arte plazak gordetzea, edo ikastaroetako dirua itzultzea.

Gainera, abonuan eszedentzia eskatzeko aukera ere aktibatu zen, hilabeteko abonamendua duten pertsonek ordainketa bertan behera uzteko eskatzeko aukera irekiz Fanderiako igerilekua berriz zabaldu arte.