Hirigune historikoko Eraikuntzen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

Errenteriako Udalak epea zabaldu du hirigune historikoan Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) eta horien ondoriozko obrak egiteko dirulaguntzen eskabideak aurkezteko.

Dirulaguntza horien helburua da Errenteriako hirigune historikoa biziberritzea, bizilagunen erkidegoei lagunduz eremu kaltebera horretako eraikinak hobetzen.
Zehazki, dirulaguntzen lerro honetara honako hauek aurkeztu ahal izango dira:

• 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era idatzitako EITen txostenak.

• Beharrezko dokumentazioa, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean amaitutako EITen ondoriozko obra-zuzendaritza eta/edo obren exekuzioa.

• Eraikin babestuen kasuan, 2021eko abenduaren 1etik amaitutako obretarako laguntzak ere eska daitezke.

Dirulaguntzak esku-hartzearen aurrekontuaren % 50era iritsiko dira, gehienez ere 10.000 eurora arte, eta baita 20.000 eurora arte ere, babes berezia, ertaina edo oinarrizkoa duten eraikin katalogatuetan.

2019tik urtero argitaratzen den laguntza-ildo honek 100.000 euroko aurrekontua izango du aurten. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.

Interesa duten pertsona edo kolektiboek Udalaren webgunean dute informazioa eskuragarri.