Ereintza Elkarteko taldeak Santa Ageda koplak kantatuko ditu igandean herriko kaleetan

Ohikoa den bezala, Ereintza Kultur Elkarteko taldea Errenteriako kaleetan eta tabernetan ibiliko da koplak eta bertsoak kantatzen Santa Ageda eguneko bezperan, igande honetan, otsailaren 4ean.

Taldea guztiz irekia da eta nahi duen guztiak parte har dezake, beti ere, baserritar jantzia soinean duelarik.

Elkarretaratzea 17:45ean egingo dute elkartearen egoitzan. Lehenengo saioa Desira tabernan egingo dute 18:20an eta ondoren, Foru Plazara abiatuko dira, Xenpelar Bertso Eskolako taldearekin batera, 18:40an Elixabet Perez Gaztelu hizkuntzalariari omentzeko.

19:35an Mikelazulon izango dira, eta jarraian Kerala tabernan (19:50ean), Donosti Sagardotegian (20:10an) eta Maite tabernan (20:30ean) sartu-irtenaldiak egingo dituzte.

Azken saioa 20:50ean egingo dute Udaletxeko aurkupeetan Bertso Eskolako taldearekin batera, Landarbaso Abesbatzari zorion agurra eta esker ona erakusteko.

Nabarmentzekoa da koplari gisa Amaia Agirre eta Maialen Akizu bertsolariak izango dituztela. Halaber, Xabier Vesgak zuzendutako taldeak joan-etorri guztietan Doike taldeko soinujoleak eta Ereintzako txistulariak izango dituzte lagun.

Aipatzekoa da ere berariazko bertsoak Julian Albisturrek, Sabin Irastorzak eta Mikel Ugaldek idatzi dituztela.