Inauteri Batzordeko kideek aurtengo egitaraua aurkeztu zuten atzo

Inauteriak ate joka datoz, eta herritarrek aurtengo gaia aukeratu zutenetik, Inauteri Batzordeko kideak gogotsu aritu dira lanean guztien gustukoa izango den egitaraua antolatzeko.

Otsailaren 2an emango zaio hasiera festa giroari kaldereroekin, eta otsailaren 13an amaituko da sardinaren ehorzketarekin. Tartean, atrakzio parke erraldoi batean oinarrituko diren inauteri egunak ospatuko dira.

Ohikoa den bezala, aurten ere Udaletxeko arkupetan jartzen den photocalla, familia jolasak, tailerrak, konpartsen desfilea… egingo dira. Gainera, izugarrizko arrakasta izaten duen herri bazkaria ere antolatu dute beste behin (oraindik eskuragarri daude bazkarirako txartelak Lekuona Fabrikako Kantinan eta Xenpelar Kulturdendan). Oarsoirriak taldearen ‘familia eta kuadrillen kalejaia’, eta erraldoi eta buruhaundien konpartsa ere ez dira faltako.

Inauterien hasiera

Otsailaren 8an, dena prest egongo da 19:45ean festari hasiera emateko Herriko plaza alaituko duen ekitaldi bereziarekin. Bertan, Asteme, Oilarqueen eta Katuko Udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsuaren txanda izango da jarraian.

Ondoren, urtero bezalaxe, konpartsek beren aurkezpena egingo dute Lekuona Fabrikan 20:30ean, eta ohiko moduan, hiru aukera egongo dira ekitaldiaren ikusle izateko:

Alde batetik, dantzaldiak gertutik ikusi nahi dituztenek ikuskizuna presentzialki bizi ahal izango dute Lekuona Fabrikan. Horretarako sarrerak larunbatean, hilak 3, 12:00etan jarriko dira salgai euro batean Lekuona Fabrikan eta sarrerak.errenteria.eus webgunean.

Bestetik, pantaila handiaren zale direnek zuzeneko proiekzioa ikustera gerturatu daitezke Niessen Kulturgunera. Horretarako gonbidapena eskuratu beharko da sarrerak.errenteria.eus webgunean edo presentzialki Lekuona Fabrikan.

Azkenik, hurrengo estekaren bitartez, badago emanaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere: herribizia.errenteria.eus/inauteriak.

Egitarau osoa

Egitarau osoa datozen egunotan egongo da eskuragarri Udal eraikin publikoetan eta turismo bulegoan. Halaber, formatu digitalean argitaratuta dago jada Herri Bizia webgunean.

Era berean, inauterietako argazkien bilduma egunero argitaratuko da Herri Bizian bertan.