Lentzeriaren historiaren inguruko erakusketa, Jantziaren Zentroan ikusgai

Apirilaren 28ra arte ikusgai dago Jantziaren Zentroan barruko arroparen 500 urteko errepasoa egiten duen erakusketa. Lentzeria, emakumearen ezkutuko sekretua izenburupean, XVI mendetik 1930 urtera bitarte emakumezkoek jantzien azpian gordetzen zuten barruko arropa erakusten du.

Garai bakoitzean, emakumearen gorputza modak inposatutako silueta ezberdin batera moldatu da. Forma berezi horietara iristeko soinekoen azpian armazoi edo kaiola eta jantzi bereziak janzten zituzten.

XVI mendetik 1880 urte bitarteko barruko jantziak erreplikak dira, XVI eta XVIII mendeetako tontilloak, XIX mendeko krinolina eta polisoiak… 1880-1930 urte bitarteko lentzeria, jatorrizko jantzien bidez ikus daiteke: kortseak, kortse-estalkiak, pololoak, galtzerdiak, barruko gonak, kamisoiak…

Lentzeria hori ikusteko hiru modu proposatzen ditu erakusketak; jantzitako manikietan emakumezkoak eramaten zituen barruko arropa guztiak janzten zituen ordena berean, hiru lona erraldoietan XX. mendeko bi emakumezkoen argazkiak zuri beltzean, eta XIX mendeko marrazki bat, eta barruko arropa solteak gertutik ikusi ahal izateko.

Barruko arropak historian zehar izan duen garapenaren azalpena hainbat testutan irakur daiteke, batetik garai bakoitzean moda zein zen deskribatzen da, eta bestetik, jada desagertutako sei barruko jantziren deskribapena.

Bisita gidatuak

Lentzeriaren 500 ureteko garapena azaltzeko Jantziaren Zentroak bisita gidatu bereziak antolatu ditu.

Ordu erdiko bisitak izango dira, 4 euroan. Apirilaren 11an, arratsaldeko 19:00tan gazteleraz, eta apirilaren 14ean, goizeko 11:00tan, euskaraz. Horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita ala Errenteriako turismo bulegora deituta: 943 494 521.

Ordutegia

Erakusketa apirilaren 28ra arte egongo da zabalik Kapitain-Etxearen beheko solairuan. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara. Aste Santuan Jantziaren Zentroa zabalik egongo da martxoaren 28 eta 29an eta apirilaren 1ean, 11:00etatik 14:00etara.