Sortzaileen Korrika osatu du Udal Bibliotekak

Atzo abiatu zen 23. Korrika Irundik, eta Errenteriako Udal Bibliotekak ekimen berezia jarri du abian horren harira: Sortzaileen Korrika, ibilbideak zeharkatzen duen herri bakoitzeko sortzaile baten obra jasotzen duen mapa, hain zuzen.

Horretarako, Euskal Herriko biblioteka guztiekin harremanetan jarri eta bertako proposamena bidaltzeko gonbita egin diete. Proposamen ugari izan dira jaso dituztenak: idazleak, ilustratzaileak, musikariak, ikerlariak… edo baita herriari buruzko obrak edo bertan gertatzen diren istorioak ere.

Hala, Korrikaren mapa baliatuz, Sortzaileen Korrika birtuala (https://kultura.errenteria.eus/proiektuak/udal-biblioteka/jarduerak/sortzaileen-korrika/ ) sortu du liburutegiak eta herritar guztiontzako eskuragarri jarri dute kultura webgunean. Mapako herri bakoitzean klik eginez, bertako informazioa ezagutu ahal izango du erabiltzaileak Euskadiko Liburutegi Sareko katalogoan. Gainera, jasotako informazio guztia udal bibliotekekin partekatu dute guztien artean egindako lana denek erabilgarri izan dezaten.

Maparen bertsio fisikoa ere egin dute Lekuona Fabrikako 0 solairuan. Horren ondoan egunero ibilbideko herrietako sortzaile eta obrak eskuragarri egongo dira maileguan eramateko aukerarekin. Nahi duenak argazkia ere atera ahal izango du bertan.

Ekimenaren osagarri, eta Lekuona Fabrikan bertan, Korrika zuzenean ikusteko aukera izango dute herritarrek horma batean proiektatuta.

Bestalde, martxoaren 22an, Orereta Ikastolako DBHko komunikazio ikasleek Korrikaren alde Podcast formatua izango duen ekintza berezi bat antolatu dute. Podcast hau zuenean grabatuko dute Lekuona Fabrikan eta bertan Ikastolako gazteek, egitasmoaren berri emango dute. Aurrerago, podcasta entzungai jarriko dute.

Ekintza gehiago Korrikaren markoan

Korrika bera martxoaren 23tik 24rako gau erdian igarako da Errenteriatik eta Udalak ere bere kilometroa izango du Arramendi pasealekuaren 15. zenbakitik abiatuta.

Gainera, Korrika Kulturalak hainbat ekintza programatuko ditu datozen egunotan:

  • Martxoaren 21ean Beraungo Korrika txikia eta Erdiguneko Korrika txikia.
  • Martxoaren 22an Korrika gaztea.
  • Martxoaren 23an Korrika jaia. Goizeko 12:00etatik goizaldeko 03:00etara.