Udalak partzela bat utziko dio Eusko Jaurlaritzari Altzaten, 39 etxebizitza publiko eraikitzeko

Udalerria Gune Tentsionatu izendatzeko eskaerarekin batera Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion Neurrien Plan Espezifikoak detektatutako desorekak zuzentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, bai eta 3 urteko epean horiek garatzeko egutegia ere.

Besteak beste, etxebizitza publikoak sustatzea garrantzi handiko gaia da, eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eskatzen du. Ildo horretan, aipatutako planak 39 etxebizitza publiko eraikitzeko udal-lurzati bat identifikatzen du Altzaten.

Plangintza horren arabera, eta Altzateko urbanizazio-obrak eta lehenengo eraikinak egiten ari direnez, Errenteriako Udalak beharrezkotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin lankidetza-hitzarmen bat egitea.

Horrekin, Errenteriako Udalak proposatu du udal-lurzati hori urbanizazio-kargarik gabe lagatzea, babestutako 39 etxebizitza berri eraikitzeko.

Proposamenak Errenterian gutxienez 5 urtez jarraian erroldatuta dauden etxebizitza-eskatzaileei lehentasuna ematea jasotzen du.

Horrez gain, proposatzen du lau etxebizitza 65 urtetik gorako pertsonentzat izatea, baldin eta haien etxebizitzetan irisgarritasun-arazoak badituzte, eta haien etxebizitza nagusia Biziguneren esku edo etxebizitzaren merkatu pribatuan bitartekaritza publikoko beste programa baten esku jartzeko baldintzarekin.

Udalak egin duen proposamenean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak erantzun bat eman behar du bi aldeen arteko hitzarmen bat formalizatu ahal izateko.