Herri Arte Eskolak kontzertuak eta kalebueltak eskainiko ditu Santa Zezilia Egunaren harira

Santa Zezilia Egunaren aitzakian Herri Arte Eskolako musikariek formatu ezberdineko kontzertuak eskainiko dituzte. Azaroaren 20an, 12:00etan, Lekuonan Orkestra, Banda eta euskal herri instrumentuek hiru ataletan osaturiko programa anitz bat osatuko dute, Atlantikaldiako emanaldian egindako lagin bat ekarriz.

Azaroaren 22an (asteartea, Santa Zezilia eguna), eskolako instrumentu guztiak entzun ahalko dira herriko kaleetan zein 6 jubilatuen elkarteetan (bete bietan lanak burutzen ari dira eta itxita daude), eta horrela bertan eskainitako kontzertu edo kalebueltan bertatik igaroz musika bereziki adineko pertsonengana eramango da.

19:00etatik aurrera pianoko ikasleen kontzertuak Beraungo Bienvenido eta Kaputxinoetako San Jose elkarteetan izango dira entzungai, Alabergako La Magdalenan, gitarra, biolin, biola, biolontxelo eta baxu-elektrikoko ikasleak eta Olibet-eko Beti bizkor elkartean ikasle helduak ariko dira. Txalapartariek Foru plazan gunea jarriko dute hainbat joaldi eskaintzeko. Banda Txikia eta Banda kalean zehar arituko dira geldialdiak eginez 18:00etatik eta 19:00etatik aurrera hurrenez hurren. Alboka taldeak eta trikitilariek Fanderia, Gabierrota eta Agustinetako auzo eta jubilatu elkarteak girotuko dituzte.

Gainera, Udal txistulariek azaroaren 19an ere kontzertu oparoa eskainiko dute udaletxeko arkupeetan 20:00etatik aurrera eskolako ikasle zein herriko eta Ituren (Nafarroa) aldeko txistulariak batuz.