Udalak 130.000 euro gehiago bideratu du Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako

Gizarte ZerbitzuakKrisi ekonomikoak eta iraupen luzeko langabezia egoerek Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) eskaera kopurua modu nabarmenean handitzea ekarri du Errenterian; 2011n baino %10 gehiago izan dira kontzeptu guztietan. Egoera honen aurrean, Udalak herritarrenganako bere konpromisoa erakutsi du eta udal aurrekontuaren 130.000 euro gehiago gehitu die 2013an horretarako aurreikusita zeuden 114.293 euroei.

Jon Txasko Gizarte ongizaterako zinegotziak azaldu duenez, laguntza eskaeren finantziazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. “Hainbat irizpide ezarrita, Eusko Jaurlaritzak GLLetarako aurrekontu osoa udalerrietan banatzen du, agindu baten bidez argitaratzen dutena. Agindu horretan bertan xedatu zen Errenteriarentzako urteko diru kopurua 289.706,5 eurokoa dela, 2011n emandakoa baino %32 gutxiago” esan du.

Haatik, udalei dagokie laguntza horiek onartu, ezeztatu eta ordaintzea. Hori dela eta, Errenteriako Udalak neurriak hartzea erabaki du, maiatzean, jada, udalerri honi izendatutako kopurua ia agortuta zegoela ikusita. “Agerikoa da Eusko Jaurlaritzak zuzendu duen aurrekontua ez dela nahikoa, laguntza eskatu duten familia guztiak aintzat hartu nahi baditugu behintzat”.

Baldintzak

GLL tresna bat dira, besteak beste, etxebizitzaren alokairu edo hipotekak, argiak, urak edo berogailuak sortutako gastoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonen bazterketa sozialaren arriskuari aurre egiteko. Hala ere, Txaskok azpimarratu nahi izan du, Eusko Jaurlaritzak laguntza hauek emateko ezarritako baldintzak zorrotzegiak direla eta beraz, ez diotela erantzuten familiek egun dituzten beharrei: “3 kide edo gehiagok osatutako familia batean, adibidez, konputagarriak diren diru-sarrera guztiak 875,19 eta 1297,5 euroren artean egotea eskatzen dute hilabetean eta gehienez, alokairu edo hipotekarako 250 euro kobratu ahal izango dituzte hilabetean”.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak 2011n hipoteka kontzeptuan familiek jaso dezaketen laguntzari dagokionez muga bat barneratu zuen, hala, pertsona horiek ezin dute 12 hilabete sari baino gehiago jaso “nahiz eta beren egoera sozio-ekonomikoa eta etxebizitza ordaintzekoa bera izan edo, are gehiago, kasu batzuetan larriagoa izan”.

Honek Udalari ekarri dio “esfortzu ekonomiko handia egin behar izatea udal aurrekontuarekin familia hauei hipoteka ordaintzen laguntzeko eta zentzu horretan, kaleratze prozesuak ekiditeko”.

Honen aurrean, Udalak Jaurlaritzari berriki eskatu dio Errenteriari dagokion GLLetarako diru kopurua handitzea eta hipoteka kontzeptuan ezarritako 12 sarien muga moldatzea. Honek suposatuko luke Udalari 2013an egoera honek ekarri dion aparteko gastoa eurek bere gain hartzea.