Errenteriako ondare historikoa eta euskara jasota

ahotsak_errenteriaAhotsak proiektuaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean pleno aretoan. Badihardugu Euskara Elkarteak Euskal Herri osoko ondare historikoa eta euskara jaso nahi ditu, ahozko ondarea bateratu eta interneten kontsultagarri jarri. Hau da, bildu eta hedatu. Proiektuak Errenterian ere izan du bere lekua, eta atzo herritarrei hiru urtez egindako lana erakutsi nahi izan zieten.

1908tik 1942ra bitarte jaiotako 46 errenteriarren testigantzak bildu dituzte. Garai bateko hizkera jasotzeaz gain, garaiko bizimodu eta ohiturak nolakoak ziren ulertzeko balio dute testigantzok.

Horiek denak 1.242 pasarte eta 1.087 bideorekin jaso dituzte. Transkribatutako uneak, berriz, 110 dira guztira. Elkarrizketa gehienak 2010ean egindakoak dira. Lan horretan aritu da Edurne Zabala errenteriarra. Zabala berak Ahotsa proiektuko kide Idoia Etxeberriarekin batera aurkeztu zuen proiektua. Julen Mendoza alkatea ere bertan izan zen.

Omenaldia

Proiektuaren nondik norakoak azalduta, egindako lanaren lagin bat erakusteko bideo bat proiektatu zuten. Baina atzokoa ez zen aurkezpen egun arrunta izan. Izan ere, aukera aprobetxatu eta proiektuan parte hartu zuten 46 errenteriarrei omenaldi txiki bat egin nahi izan zieten. Egindako ekarpenagatik eskerrak eman eta testigantzen DVD bat oparitu zieten.

Informazio gehiago: ahotsak.eus/errenteria

Hauxe atzo ikusitako bideoa: (Ahotsak proiektuko kideek ekoitzia)