Euskarak 365 egun

euskaraz_bizi_nahi_dutAtzo euskararen nazioarteko eguna ospatu zen munduko hainbat txokotan. Errenterian ere, egitarau zabala antolatu zute elkarlanean Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, herriko ikastetxe eta euskaltegiek eta Udalak. Goizean Mintzodromo jendetsua izan zen Galtzarabordako kiroldegian eta arratsaldean festak ez zuen etenik izan.

19:00etan herritarrak Herriko plazara biltzen hasi ziren, eta euskarak 365 egun dituela aldarrikatzeko kandelatxoak piztu zituzten 365 zenbakia osatuz. Bitarte horretan kantu-jirako kideek giroa alaitu zuten. Kantatzeko ez ezik, dantzarako parada ere izan zen, eta hainbat herritarrek “Euskaraz bizi nahi dut” abestiarekin koreografia egin zuten. Jarraian, ikastetxeetako ikasleen bideo batzuk ikusi ostean, ekitaldia egin zen. Bertan Lau Haizetaren eta ikastetxeeko ikasleen mezuak zabaldu zituzten.