(H)arian euskara-astea antolatu du Orereta Ikastolak abenduaren 2tik 5era

(H)arian euskara-astea antolatu du Orereta Ikastolak abenduaren 2tik 5era, Euskararen Egunaren bueltan herrian antolatuko den ekimen-sorta osatu eta indartzeko asmoz. Hala nahi duen herritar oro gonbidatu nahi du Ikastolak ekintza horietan guztietan parte hartzera; Euskararen Eguna ospatzera eta eragile izatera.

Abenduaren 2an Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedaren “Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?” emanaldia izango da Xenpelar Etxean, 19:00etan. Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Eragina al du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Eta bihar, zeri kantatuko diogu? Horiei eta beste hainbat galderari erantzungo die Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedaren hitzaldi musikatuak.

Abenduaren 4an DBH 4. mailako ikasleek “Baga, Biga, Higa” euskal ahozko literaturan oinarritutako emanaldia eskainiko diete herriko erretiratu eta aiton-amonei Niessen Kulturgunean. 12:30ean izango da hitzordua. Balada zaharrez, maite-kantuez, kopla zaharrez, bertsolaritzaz, poesia sinbolikoaz zein sozialaz… gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek ordubeteko zuzeneko emanaldian.

Abenduak 5: Anje Duhalderekin, kantu-afaria Ipar Euskal Herriko Ikastolen alde

Anje Duhalderen kantu-afariarekin emango zaio amaiera euskara-asteari. Abenduaren 5ean Merkatuzar Kulturgunean egingo den afaria Ipar Euskal Herriko Ikastolak laguntzeko helburuz antolatu da.

21:00etan izango da otordua eta horren ostean, musikaldia. Afarirako sarrerak (30€) Xenpelar kulturdendan, Ikastolako bulegoetan edo www.oreretaikastola.eus webgunean eros daitezke. Afaria ez beste bi ekimenak doakoak izango dira.