Udalak bat egin du ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin

Errenteriako Udalak, Euskaraldiarako Herriko Batzordeko kide den neurrian jakinarazi nahi du bat egiten duela ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarekin. Egun bizi dugun egoera honi egokituta, datorren Euskaraldirako aurrera eraman dezakegun ariketa bat da. Ekimen honekin, etxean ditugun hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bat eta ariketa batzuk proposatzen dira.

Horrela, gaurtik aurrera eta apirilaren 30era arte hizkuntza-ohiturak aldatzeko baliagarri izan daitezkeen zenbait praktika proposatuko dira, guztiak etxetik egiteko modukoak: euskaraz jolastu, euskaraz bazkaldu, euskal zinea ikusi… Egunero, sareetan bideo bat zabalduko da proposamena azalduz. Eta maiatzaren 1ean ekimenari amaiera emango zaio herritar guztiekin ekintza bateratu bat eginez.

Gainera, ekimenean parte hartzen ari garela adierazteko, bakoitzak, etxeko balkoian edo leihoan koloredun puntu bat jartzea proposatzen du Euskaraldiak.

Azkenik, ekimenean parte hartzen dutenei haien esperientzia sare sozialetan zabaltzea eskatzen diete, @euskaraldia aipamena eginez eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz.

Har ezazue parte!