Errenteriako Udalak euskarazko eta berdintasunean oinarritutako jolasa sustatu nahi du

Neguko oporrak ulertzeko eta bizitzeko mila ikuspegi dauden moduan, beste hainbeste bide daude jolaserako egiten ditugun hautuetan. Garai hauetan, garrantzitsua iruditzen zaigu jolasaren garrantziaz jabetuta, hainbat irizpide kontuan izatea. Ez soilik jostailuak erosteko, baita jolasari behar duen garrantzia emateko eta horrek eskaintzen dizkigun aukera anitzez jabetzeko ere. Izan ere, jolasak esanahi berezia hartzen du haurra pertsona sozial gisa hazteko eta hezteko garaian.

Horregatik, alde batetik, Jolasa, balioen solasa dekalogoaren berri eman nahi du Udalak. Dekalogo horrek jostailu anitzak, ez sexistak eta jarrera bortitzak bultzatzen ez dituztenak (jostailu belikoak) aukeratzeko irizpideak lantzeko asmoa du. Berdintasuna, errespetua, lankidetza eta talde-lana moduko balioak eta jokabideak indartzea, hain zuzen.

Beste alde batetik, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak 0 urtetik 16 urtera bitarteko haur eta gazteentzako Euskarazko Produktuen Katalogoaren berri eman nahi du. Musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jostailuak, jokoak eta web helbideak biltzen ditu katalogo honek, aisialdirako produktuen artean euskaraz daudenak nabarmendu nahian. Izan ere, gero eta gehiago gara gure aisialdia, ikasketak edo bizitza euskaraz egin nahi dugunak eta euskarazko eskaintzak bilatu eta baliatzen ditugunak.

Hortaz, Errenteriako Udalak garai honetan opariak erosterakoan Jolasa, balioen solasa dekalogoa zein Euskarazko produktuen katalogoa kontutan izateko gonbidatu nahi ditu herritarrak.

Normalean bi proposamenak eskoletan banatzen baziren ere, aurtengo errealitatea berezia izanda, beste medio batzuetatik bi mezuak iristeko lanketa egiten ari dira.