Herritarrek proposatu eta aukeratuko dute 2024ko Madalenetako omendua

Errenteriako Udalarentzat beti da garrantzitsua herritarrekin batera erabakiak hartzea. Hain zuzen ere horrexegatik, aurten, lehen aldiz, herritar batzorde bat sortuko da Madalenetako omenduaren hautagaitza prozesuaren baitan herritarrek, omendu proposamenak egiteaz gain, eurek azken erabakia ere har dezaten.

Aukeraketa sistema hau iaz onartu zen Herriko jaietan omenaldi sariak emateari buruzko ordenantza arautzailearen ondorioa da. Araudi hau aurten sartu da indarrean eta bere ekarpenen artean daude omendu proposamenak egiteko aukera herritar orori zabaltzea eta azken erabakia ausaz aukeratutako herritar batzordea baten esku uztea. Madalen jaiak herrikoiagoak izatea ez ezik, horrelako ekimenek bilatzen dute herritarrak udal kudeaketan parte hartzea modu berrietan.

Herritarrek omenduak proposatzeko epea, martxoa

Martxoaren 1etik 30era, herrian erroldatutako herritarrek, herriko eragile zein elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Madalenetako omendua izateko hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte. Beharrezkoa izango da Udalak berariaz prestatutako eskaera betetzea, eta hura aurkeztea, elektronikoki edo ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan.

Proposamenak jasota, hautagaien zerrenda egin, eta Udaleko alderdietako bozeramaileen txanda izango da, osatutako zerrenda hiru hautagaietara murriztu beharko baitute. Zerrenda hau ausaz aukeratutako herritarren batzorde bati helaraziko zaio.

Herritarren batzordea osatzeko prozedura abiarazita

Udal errolda erabilita, eta betiere adina eta generoa kontuan hartuta, zozketa egin da 16 urtetik gorako biztanle guztien artean 800 pertsona aukeratzeko. Pertsona hauek informazio-gutun bat jasoko dute, eta gonbidapena onartzen dutenekin sortuko da taldea.

Hala ere, ordenantzak adierazten duen moduan, talde hori 16 eta 20 pertsona artekoa izango da. Ondorioz, parte hartzeko gonbidapena onartu dutenen kopurua hori baino altuagoa balitz, horien artean bigarren zozketa egingo litzateke.

Gutuna jaso dutenek baieztatu edo ezeztatu beharko dute parte hartzea martxoaren 15a baino lehen https://errenteria.eus/herritar-batzordea helbidean aurkituko duten formulario erraza beteta edo ZU! Zure Udala zerbitzura deituta (943 449 600 / 010).

Hortik aurrera, batzordeak bi bilera egingo ditu, lehena maiatzean. Herritar batzordearen zeregina izango da azken erabakia hartzea, hau da, aurretik adostutako hiru hautagaietatik bakarra aukeratzea. Bukatzeko, haren berri eman diote Udalbatzari.

Errenteriako Udal arduradunek bereziki animatu nahi dituzte herritarrak prozesu honetan guztian parte hartzera euren proposamenak udalari helarazita edo, gonbidapena jasotzekotan batzordean parte hartzera animatuta.